XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure historiako egun jakin batean gertatu zen eta historia horri berari bukaera bete-betea emanez azken egunean gertatuko denEtorreraren tarteko une jakin batean, 1990 urtekoan, alegia, jartzen gaitu aurtengo Abendualdiak.

Gure itxaropena, Jaunaren Gizakundearen sinismen pozgarrian oinarrituta eta azken Parusiako jomuga haundira irekita, Eguberri jaiaren inguruan biltzen da bereziki.

Hor mamitzen bait da eta gaurkotzen, liturgiaren sakramentuzko misterioaren eskutik, Kristoren etorreraren dohain betea: historian gertatu zenarena, horren oroipen bait da Eguberri, eta azken egunean (Parusian) gertatuko denarena, horren aurre-gozamen eta dastatze ere bait da Eguberri.

Bi etorrera horien tartegunean, gaur, jartzen gaitu Abendualdiak.

Kristo gure artean dugu, bai; baina bere agerpena ez dago oraindik gure artean eta gure gizartean erabat eta osoki gorpuztua.

Gure mundua eta gure herria ez daude oraindik Jainko Aitarekin betebetean adiskideturik.

Betebeteko adiskidetasun horren hazia ereinda dago; horregatik dugu itxaropen sendoa.

Adiskidetasun horren grazia, ordea, ez dago oraindik guztiz loratua; horregatik daukagu hori etorri arte itxoiten eta irrikaz egon beharra.

Beraz, azken eguneko adiskidetasun betea etorri zain, Abendualdiko itxaropenak beti izango du lekua, gogo bizi eta eraginkorrarekin batera, gure otoitzean eta era guztietako ahaleginean: Etor bedi zure Erreinua.

Horregatik, Abendualdiak bi alderdi ditu: Eguberri-jaietarako prestatze-aldia da, batetik, eta Jainko-Semearen gizonenganako lehenengo etorreraren oroipena egiten du; eta bestetik, hori gogoratuz fededunen gogo-bihotzak azken aldietan Kristoren bigarren etorrera itxarotera zuzentzeko aldia.

Bi arrazoi hauengatik, Abendualdia itxaropen jaieratsu eta pozgarria bezala agertzen zaigu (Liturgi Urteari eta Egutegiari buruzko Arau Orokorrak, 39).

Hau da, beraz, liturgialdi honen helburu nagusia: fededunengan itxaropena sendotuz, beroien bihotzetan eta kristau elkartearen baitan Jaunaren etorrerarenganako pozezko eta irekitasunezko jarrera gogoberotzea.

Aldi honetako Eukaristi eta beste liturgi ospakizun bakoitzean fedez jaso behar den sakramentu eta ezaugarri mailan, noski, egiaz elkartzen eta gaurkotzen dira bi etorrerak, gertatu zena eta gertatzeko dena, gaur eta hemen Jaunak eskaintzen digun salbamen misterioaren ekintzarekin gure artean agertuz.